XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Durangoko Udal-Euskaltegia: Euskal Herrian, historian zehar sorturiko ekintzak, ospakizunak, abestiak, ohiturak etabarrekoak izan daitezke euskal kultura osatzen dutenak.

Baina horiek guztiak gaur egun mantentzen ez direnez, gure ustez, bi arlo bereiz daitezke.

Alde batetik, folklore deituko dioguna eta, bestalde, gaur eguneko kultura.

Azken honetan mantendu eta bilakaera izan dutenak bakarrik sartuko genituzke; eta, hauekin batera, euskararen inguruan eta euskaraz egiten diren ekintza guztiak lirateke.

Iñaki Alberdi: Euskal kultura, zentzu zabalean, Euskal Herriaren bizimoduarekin loturiko oro litzateke.

Euskal Herrian, ordea, eta bestetan bezala, bertakoak eta lehenagotik datozkigunak badaude, hau da, folklorearekin zerikusia dutenak: Olentzero, Pastorala, Ihauterietakoak (Astelehenita, Miel Otxin, Ziripot...).

Bestetik, Euskal Herrian ezezik kanpoan ere aurki ditzakegunak leudeke, kulturazkoak nahiz politika edo edozein gizarte-saili dagozkionak izaten ahal direlarik.

Ezer kendu nahi gabe azken hauei gainera gaur egungo ikasle standarraren motibazio eta beharrek hauekiko lotura gehiago agertzen dute, lehenengoak euskal kultura betiereko/tradizionala nola landu eta biziarazi izan ohi da gehienetan problema.

Eta landu ere biziaraziz: sagardoarena sagardotegira joan eta bertako mundua zer den bizi eta sentituz.

Eta sagardotegirik ez balego inguruetan, behin-behineko bat sortuz, gogoa egonez gero ahalezko dena.

Berdin nioke beste gizarte-sailei buruz, gaur egungoak nahi bada, eta horrexegatik bizitzeko errazagoak beharbada, baina hau ere ez ohi da beti horrela izan.

Sabin Arana: Nire iritziz, euskal kultura definitzea baino garrantzitsuagoa da helduek dugun ezjakiteaz jabetzea.

Mila arrazoirengatik, jende helduak ia ez daki ezer gure kulturaz, historiaz eta abarrez.

Beraz, euskara-klaseetan euskal kulturari zor zaion tokia eskaini nahi izanez gero, zentzu zabal batean hartu beharko litzateke, hots, herri honengandik sortu diren ideiak, ohiturak, sinismenak, artea, folklorea eta abar; eta, honekin batera, historia eta geografia gutxienez.

Isabel Otxoa: Iñaki Larrañagak Jazten aldizkariaren lehenengo zenbakian adierazten duenez, Hizkuntzak berez dira kultura.

Halere, gertatzen da hizkuntza bati kultural maila ukatzea internazional mailan.

Halere, garbi dago hizkuntz komunitate bat bere hizkuntza kultur hizkuntza bezala baloratzen hasten ez bada ezin dezakeela espero besteengandik errekonozitzea edo onartzea.

Beraz, hain abstraktoa eta zabala den termino hau definitu behar izatekotan, zera aipatuko nuke: kultura, gaurko kultura modernoak eta nork bere kulturazko biziera euskaraz adieraztea eta bizitzea da.

3. galdera: Nola islatu behar dugu, zure ustez, euskal kultura euskara-klaseetan?

Zer-nolako erreferentzia kulturalak egin beharko genituzke?

Gurutze Arrieta: Galdera hori bera egiten diot nik ere neure buruari.

Eta erantzun zehatzik jaso ez, baina erantzun lojiko bat datorkit aurren-aurrena burura.